Europar Batasuneko eraikinen eraginkortasun energetikoa sustatze aldera, erkidegoko araudiak xedatu du eraikinek energia-ziurtagiri bat izan beharko dutela, eta estatu kide bakoitzak kontrol-sistema aske bat ezarri beharko duela ziurtagirien kalitatea bermatzeko.

Zuzentarau europarrei jarraikiz, 2013ko ekainaren 1etik aurrera, higiezinen jabeek eraginkortasun energetikoko ziurtagiri bat eduki beharko dute horiek saldu edo alokatzeko. Eredu gisa, herri-administrazioek ere ziurtagiri bera eduki beharko dute haien eraikinetan.

Higiezinaren (eraikin osoaren edo zati baten) eraginkortasun energetikoa ebaluatuko du ziurtagiriak, eta kalifikazio bat emango dio A eta G arteko letra baten bidez. Agiriak hamar urtez balioko du.

Higiezinaren ezaugarri energetikoei buruzko informazio objektiboaz gainera, haren eraginkortasun energetikoa hobetzeko gomendioak ere jaso beharko ditu ziurtagiriak.

Gehiago aurreztea eta eraginkortasuna sustatzea da xedea, bai eta eraikinak balioetsi eta alderatu ahal izatea ere, eraginkortasun handiena dutenak eta energia aurrezteko inbertsio gehien egin dituztenak sustatu ahal izateko. Eraikinak energiaren ikuspegitik birgaitzeko egiten diren inbertsioek eragin zuzena dute energia-gastuan, eta, beraz, fakturetan energia eta dirua aurreztea dakarte.

Era berean, eta herri-administrazioak eredugarri izan daitezen, honako betebehar hau ezartzen du Errege Dekretuak: agintari publiko batek 500 m2 baino gehiagoko azalera duen eraikin batean edo eraikinaren zati batean lan egiten badu, eta herritarrak bertara joan ohi badira, horrek ere eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eduki beharko du eta dagokion etiketak agerian egon beharko du.

Eraginkortasun energetikoko ziurtagiriak horretarako sortutako erregistroan inskribatu beharko dira derrigorrean, administrazioak horiek argitara eman eta kontrolatu ahal ditzan.

Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko du autonomia-erkidegoko eraginkortasun energetikoko ziurtagirien erregistroa, energiaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren mendekoa. Erregistroa telematikoa izango da, eta lehendik eginda zeuden edo egin berri diren eraikinen ziurtagiriak kontsultatu ahal izango dira bertan.

Ziurtagiria inskribatzean dagokion energia-etiketa eskuratuko da.

DEJA UNA RESPUESTA

Por favor ingrese su comentario!
Por favor ingrese su nombre aquí