Kontsumoko Euskal Institutuak-Kontsumobidek euskal herritarrei aholku batzuk eman nahi dizkie, tarifa gehigarriko telefono-zenbakietan inork iruzurrik ez egiteko.
Izan ere, azken asteotan horrelako kasu batzuk gertatu direla zabaldu dela-eta, Kontsumobidek gauza batzuk gogorarazi nahi dizkizue:
1. Tarifa gehigarriko telefono-kodeak hainbat zerbitzu eskaintzeko erabiltzen dira:
- 803 telefono-kodea, esate baterako, soilik helduentzako zerbitzuak eskaintzeko erabiltzen da. Gehienetan, zerbitzu erotikoak edo pornografikoak izaten dira. Zerbitzuak zenbat iraungo duen gehienez ere: 30 minutu.
- 806 telefono-kodea aisialdirako eta denbora-pasarako erabiltzen da. Edukiaren arabera, lehiaketa batzuetan ere 803 edo 905 kodea erabili beharko da, deiak oldeka iristen direla-eta. Zerbitzuak zenbat iraungo duen gehienez ere: 30 minutu, baina, lehiaketetan, gehienez ere 5.
- 807 telefono-kodea zerbitzu profesionalak edo artistikoak eskaintzeko erabiltzen da. Zerbitzu-emaileek informazio hau dena eskaini behar dute: Informazio-iturria zein den, aditua nor den, zerbitzu-emailea nor den, eta zerbitzu-emaile horren datuak. Konexioak zenbat iraun behar duen: 30 minutu.
- 905 kodea dei-oldeak kudeatzeko erabiltzen da.
2. Ezin da tarifa gehigarriko zenbakirik erabili lana eskatu-eskaintzeko zerbitzuetarako, berdin dio zuzenean edo zeharka egiten den eta lana ordainduta edo ordaindu gabe dagoen.
3. Tarifa gehigarriko kodeetako batzuk erabiltzeko, baldintza batzuk bete behar dira. 803, 806 eta 807 kodeen ondoren 6, 7, 8 edo 9 zenbakia baldin badator, abonatuak operatzaileari idatziz eskatu beharko dio, berariaz, zerbitzu horietara sartu nahi duela. Zenbaki horiek garestiagoak dira.
4. Deia hartzen digutenean, segituan, deia egiten duen erabiltzaileari informazio hau eman beharko zaio, aurrezenbaki bakoitzerako eman beharrekoaz gainera:
- Deitu duen telefono-zenbakiaren titularra nor den
- Minutu bakoitza gehienez ere zenbat ordaindu behar den (edo dei bakoitzak guztira zenbat balio duen), zergak barne, finkotik eta mugikorretik deituta.
- Eskaintzen den zerbitzuari buruzko informazio orokorra.
- Zerbitzua 18 urte baino gehiagokoentzat ote den.
5. Hasierako informazioa gehienez ere 15 segundotan eman behar da. Hasierako informazio horren ondoren, 5 segundoko tartea utzi behar dute (zerbitzua nahi ez badu, erabiltzaileak tarte hori du telefonoa eskegitzeko). Tarte hori amaitzen denetik aurrera soilik kobratu daiteke deia. Gehienezko denbora amaitzen denean, zerbitzu-emailearen ardura da zerbitzua etetea.
6. Kontsumitzailearen beste aukera bat da bere telefono-konpainiari tarifa-gehigarriko zenbakietarako sarbidea blokeatzeko eskatzea.
7. Fakturan, banan-banan beste deietatik bereizita agertu behar du tarifa gehigarriko zerbitzuengatik zenbat ordaindu behar den. Zerbitzua eskaini duena nor den ere zehaztu beharko da.
8. Fakturarekin ados ez bazaude, eta ez ordaintzea erabakitzen baduzu (ordaintzen ez dutenen erregistro batean sartzeko arriskupean), jakin ezazu tarifa gehigarriko zerbitzuei dagokien zatia baldin bada ordaintzen ez duzuna, ez dizutela telefonoa etengo, baina bai aurrezenbaki horietarako sarbidea.
Iturria: Kontsumobide