Kontsumobidek ikus-entzunezko material berria aurkeztu du, herritar guztiei kontsumoarekin lotutako prestakuntza emateko
Materialak lau kontsumo-gai handi jorratzen ditu: elikagaien etiketak, publizitatea, establezimendutik kanpoko salmentak eta laguntza teknikoko zerbitzuak.
Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, ikus-entzunezko material berria osatu du herritar guztiei kontsumoarekin lotutako prestakuntza emateko. Doako ikus-entzunezko materiala da, eta Kontsumobideren webgunean eskura daiteke. Modu erraz eta entretenigarrian, eguneroko kontsumo-gai eta -egoerei buruzko informazio eta prestakuntza eskaintzen du. Edonork erabil dezake, baita hezitzaileek eta irakaskuntzako profesionalek ere, maila eta gaitasun guztietara egokituta baitago.
Kontsumobidek abian jarri duen prestakuntza-ekintza hau kontsumoarekin lotutako informazioa eta prestakuntza nabarmentzeko Institutua egiten ari den ekimenetako bat da. Behar eta joera berriak, hots, Kontsumobideren datozen urteetarako helburuetako batzuk, ditu abiapuntu.
Edukia hainbat bideotan jaso da. Bideook euskaraz eta gaztelaniaz kontsulta daitezke, eta sei eta zortzi minutu artekoak dira. Horien bidez, bada, oso interesgarriak diren lau gai landu ahal izango ditugu: elikagaien etiketak, publizitatea, establezimendutik kanpoko salmentak eta laguntza teknikoko zerbitzuak.
Horietako bakoitza hautatzerakoan, benetako eta eguneroko esperientzia bat ikusteko aukera izango dugu. Bideoek gaiaren sarrera entretenigarria egiten dute, gertatu zaizkigun edo edozer unetan gerta dakizkigukeen egoerak modu lagunkoian azaltzen dizkigute, eta, gainera, hausnartzeko bide ematen digute: Nola jarduten dugu antzeko egoeretan? Ondo jarduten al dugu? Ez? Nola jardun beharko genuke?
Bideoa ikusi ondoren, gaian sakondu ahal izango dugu; izan ere, honako hauek egin ahal izango ditugu, besteak beste: erlazionatutako araudia kontsultatu, eskubide eta betebeharren berri izan eta erreklamazio bat egiteko informazioa lortu. Horrez gain, beste baliabide batzuk eta gaiari buruzko estekak (barrukoak nahiz beste iturri batzuk garatutakoak) kontsultatu ahal izango ditugu.
Bideoa amaitu ondoren, gai bakoitzean ikasi duguna ebaluatu ahal izango dugu jolas-moduan. Horretarako, «jarduera» atalean sartu eta galderak erantzun beharko ditugu.
Kontsumobidek herritar guztiak animatu nahi ditu ikus-entzunezko materiala ezagutzera. Informazioa modu errazean eskaintzen du, eta webgunean eskura daiteke. Bideoak erraz eta doan kontsulta daitezke, lotura honen bitartez, hain zuzen: